Albisteak

Atzealdea

Oihan txikiri omenaldia

Oihan txiki kooperatibari eskertza eta zoriontze ekitaldia egin zion atzo Orexako herriak

2018·12·15


Oihan Txiki kooperatibak ekoizten duen Idiazabal jatorrizko gaztak Norbegiako Bergen hirian egin den World Cheese Awards-en urrezko domina eskuratu berri du. Ospakizun hau aitzaki hartuta Orexako herriak zoriontze eta eskertza ekitaldi bat egin du Orexako Ostatuan.

Bertan, gazta sariduna dastatzeko aukera izan zen. Josune Malkorra Oihan Txikiko ordezkariak << momentu zoriontsu hau herritarrekin konpartitu>> nahi zutela argi adierazi zuen eta eskerrak eman zizkien herritar guztiei emandako babesagatik. <<Orexa, landa herria da eta ezinbestekoa da lehen sektorea indartzea>> hori baita landa herrien ezinbesteko funtsa. Antzeko bidetik jo zuen Eneko Maioz alkateak ere. Orexa Bizirik herri proiektua izan zuen ardatz. <<Urtebete dugu orain gauden Orexako Ostatua ireki zela. Hau Orexa bizirik herri proiektuaren zutabe oso garrantzitsua da baina gaur beste zutabe batek ekarri gaitu hona Oihan txiki kooperatibak>>. Oihan txikik herri mailan egindako lanak aipatu zituen Maiozek, lehen sektorea indartzea, bertako enpleguaren sorrera eta herrian txukun mantentzea aipatu zituen beste askoren artean. Ez hori bakarrik, Oihan txiki kooperatibak herriari egiten dion enbaxadore lana aipatu zuen Maiozek <<zuek zarete Orexako enbaxadorerik onenak, eta gure herria munduan ezagutarazteko sekulako lana egin duzue>>.

Orexa herria bizirik irauteko ezinbesteko ditu honelako ekintzak herrian bertan egiten diren ekimen eta proiektu guztiekin herritar guztiontzat herri hobe eraikitzen ari garelako. Orexak herri dinamikoa eta erreferentziala izan nahi du gai batzuetan, bere herritarrak bizi diren lekuaz harro egon daitezen. <<Hau ezinbestekoa da, herrian ditugun gazteak herrian bere bizi proiektua martxan jartzeko erabakia har dezaten>> esanez bukatu zuen hitzartzea Eneko Maioz Orexako alkateak.

Ekitaldi ostean trikitilariak, pintxo potea eta Dj Txoko izan ziren  festa luzatzeko.