Historia

Historia

Orexa burujabe

Erdi Aroan Tolosaldeko herrixka guztiek egin moduan, 1374.urtean Orexako auzokoek Tolosak bermatzen zuen babesa ontzat eman hartu eta hiri horrekin egin zuten bat.

Batasun honi esker, garai hartako Handikiek sor ziezaizkieten kalteak saihestu nahi izan zituzten orexatarrek. Horretarako, Tolosako alkatearen esku utzi zuten bertakoak epaitzeko gaitasuna. Era berean, Tolosako arauldia hadi batean beraganatzen zuten.

Orexak, baina, bere burua gobernatzeko ahalmena gordetzen zuen. Urtarrillaren baten, adibidez, alkatea eta bi errejidore hautatzen zituen urtero, hautaketa hau Tolosako alkateak berresten zuelarik. Herriko kontuak udal diruzaintzaren ardura ziren, beti Orexako seme batena alegia. Herriko mugak ere ez ziren desagertu. Hau da, Tolosak ez zuen inoiz Orexako lurra irentsi.

Orexako kontzejuaren eginbeharrak ere, auzokoen esku gelditu ziren. Eginbehar hauen artean, herria ondo hornitzea zegoen: ardoz, sagardoz, olioz,... Baita herriko ondarea kudeatzen ere: errotak, Unsalu etxea, basoak,... Orokorrean, herritarren behar oro asetzen zirela bermatu behar zen.

Beraz, Orexako bilakaera bailarako edozein herri bezalakoa agertzen zaigu. Agian, berezitasun gisara, bi jai aipa daitezke. Bata, urteko kontuak aurkezterakoan orduko diruzainaren etxean ospatzen zena. Bestea, corpus egunekoa, udalak koplakari eta dena kontratatzen zuen-eta.

Dena den, Tolosa eta Orexaren arteko lotura eskualdeko gainontzeko herriek izan zutena baino luzeagoa izan zen. Hamazazpigarren mendean Tolosak hartutako hainbat erabakiren aurka azaldu arren,1850. urtera arte Tolosako alkateak jarraitu zuen orexatarrek egiten zituzten hauteskundeak onesten. 1852.urtetik aurrera, berriz, Orexa erabat burujabe bilakatzen da, ahalmen eskualdaketa ospatzeari utzi zion eta.

Orexako jatorria

Nortasuna eta erakundeak atxikitzeko ibilbide historiko honetan, Orexak bestelako liskarrak ezagutu ditu; ez Tolosarekin, gertuko beste auzoguneekin baino. Horien artean, esate baterako, ondoko hauek aipatuko genituzke:

  • 1558-1562.urteen bitarten, Orexak eta Lizartzak elkarturik beraien abereentzako bazka eta ura Elduain eta Berastegin zeuzkaten sorabeetan defendatzeko auzia abiatu zuten.
  • 1760.urtean, Lizartza eta Orexa berriro elkarturik, Gaztelu salatu zuten. Izan ere, Gazteluk Iguarritzan egindako errotak artaldeen bidea oztopatzen zuen.
  • 1777-1789 bitartean Gazteluk eta Orexak Lizartzaren kontra zeukan auzia epaitzen da. Auzi honen jatorria 1488. urtera arte atzera daiteke, eta herrilurrak banatzea zuen helburu.

Azken auzi honek Orexako herriaren jatorriaz mintzatzen zaigulakoan gaude. Izan ere, Orexa, Lizartza eta Gazteluko udalerriek partzuergoan ustiatzen zituzten lurrak herri hauek sustrai bera izan zutela eman lezake aditzera. Bestelako ikerketak burutu arte, sustrai hori Uli mendian kokatuko genuke.

Nikolas Ormaetxea Orixe

(Orexa 1888 - Añorga 1961), Euzkadi egunkarian hasi zen idazten, eta asko landu zituen literatur kritika eta itzulpena. Prosazko lanetan Santa Kruz apaiza narrazioa, Jainkoaren bila saiakera, eta oroitzapenetan oinarrituriko Quiton arrebarekin ditu ezagunenak.

Obra poetikoak

  • "Eusko Olerkiak" Euskaltzaleak. Donostia, 1933
  • "Barne- Muinetan " Itxaropena. Zarautz, 1934
  • "Euskaldunak " Itxaropena. Zarautz, 1950
  • "Euskaldunak poema eta olerki guztiak" Auñamendi, 1972
  • "Idazlan guztiak, I, Sorkuntzazkoak" Etor, 1991